Helburuak

FORTIUS | Nazioarteko proiektua, Iruñeko eta Baionako gotorleku-ondareari balioa emateko

Iruña eta Baiona | Bi hiri senidetu eta gotorturik

Historian zehar hiriak gotortu egin dira etsaiengandik jaso zitezkeen erasoetatik babesteko, eta hori hala izan da batez ere lurraldeen kontrol eta defentsan kokaleku estrategikoa zuten hirietan. Gizakion lehen kokalekuetatik hasita, harrizko gerrikoek inguratu dituzte hiriak, eta horiek egokitzen eta hobetzen joan dira artilleriak eta beste teknika militar batzuek aurrera egiten zuten neurrian. Gotorleku-izaera horrek baldintzatu egin zuen hiri askoren historia, bilakaera eta hiri-egitura, eta, horren ondorioz, denborak aurrera jo ahala bizigarritasun- eta osasungarritasun-arazoak sortu zituen. XX. mendearen hasieran, armadan abiazioa sartzearekin batera, gotorlekuek zentzua galdu zuten, airetik erraz erasotu daitezkeelako, eta, horrenbestez, defentsa-eginkizuna galtzen dutelako.

Defentsa-eraginkortasuna galtzeak eta hazkunde demografikoak hirietarako oztopo bilakatu zituzten gotorlekuak, eta, horrenbestez, eraitsi beharreko hirikalte bihurtu.  Hiri-bilbeak garatzearekin batera, XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran harresi-atal asko eta beste hainbat defentsagune eraitsi zituzten, zabalguneak eraiki ahal izateko.

Hiri gehienetan harresi-atal ia guztiak eraitsi zituzten. Egun, baina, hainbat herrialdek garai ezberdinetako eraikuntza militarren ondare aparta gordetzen dute. Inoiz lurraldeak defendatzeko balio izan zuten haiek benetako monumentuak, zaindu eta babestu beharreko aztarnak, bilakatu dira, hainbesteraino non hainbat hiriren identitate-ikurrak izatera iritsi diren.

Hori dugu, hain zuzen, Iruñearen eta Baionaren kasua, non garai batean hiriak mugatzen zituztelako oztopo bihurtu ziren harresi-barrutiei ia osoki eutsi baitzaie, eta urte gutxi batzuk igarota monumentu nazionalaren izendapena jaso izan dute. Egun, bi defentsaguneok Europan osotasun handienaz iraunarazi direnetakoak dira.

Harrizko atalak, gaur eguneraino iritsi direnak Iruñean zein Baionan, adibide paregabea dira Erdi Aroko defentsa-sistematik modernotasun errenazentistarako bilakaera aztertzeko, ingeniaritza militar, berrikuntza tekniko eta talentuaz bezainbatean.  Gotortze-artearen etengabeko bilakaera teknologikoa antzeman daiteke haietan, halakoa ezen garai hartako poliorzetika-eskola garrantzitsuenetan ikasitako ingeniari famatuenek egin baitzuten.

02_Citadel of Pamplona_20120507b

Iruñeko Ziudadela – airetiko ikuspegia

Citadelle_5e78aac487

Baiona Ziudadela – airetiko ikuspegia

 

Iruña eta Baiona hiriek historia, kultura eta tradizioak partekatzeaz gain, gotorleku-izaera izan zuten biek sortu zirenetik beretik. Bi hiriek Pirinioetako mugaren alde banatan, Espainia eta Frantziaren artean, duten kokaleku estrategikoak funtsezko gune bilakatu zituen zein bere lurraldeen defentsan. Horretaz gain, gotorleku horiek ezin dira ulertu ez bazaizkio lotzen sistema zabalago bati, hau da, Pirinioak defendatzeko sistemari, non gotorlekuen sistema interesgarria ezarri baitzen mugaren alde bietan. Gaur egun, defentsa-eginkizuna galduta, ondare aberatsa dute jasoa, eta horrek bien hiri-bilakaera baldintzatu du  XX. mendearen hasiera arte.

1960. urteaz geroztik senidetuta dauden Iruña eta Baiona hiriek historia paraleloa eduki dute eta sentimendu zein asmo berberak bizi izan dituzte beren harresiekiko: defendatzeko beharra, zabaltzeko ezintasuna, eraisteko nahia eta, azkenean, hiriaren ikurra, gorde eta sustatu beharrekoa.

XX. mendean, esan bezala, harresiek, jada, ez dute balio hiria defendatzeko, eta gero eta biztanle gehiago zituzten hiriak hertsatu egiten zituzten. Hala Iruñeak nola Baionak joan eta etorriko bidea egin dute, eta  azken hamarkadetan gotorleku-ondarea berreskuratzen saiatu dira, harresiak zaharberrituz eta hiriko defentsaguneak ekipamendu osagarriak sortzeko baliatuz.

Gotorlekuak baliagarriak izateari uzteak berekin ekarri zuen kontserbazio- eta mantentze-lanek lehentasuna galtzea, eta horrek gero eta narriatuago utzi zituen harresi-atalak, hala zikinkeria pilatu eta sasiak harlanduetan ugaldu zirelako nola zenbait material ebatsi zituztelako, halako moduz non hainbat harresi-ataletan egonkortasun-arazo larriak sortu baitziren. Narriatze-prozesu hori bi hirietako alde zaharretara ere zabaldu zen, non, harresien barnean garatu behar izan zutenez, bizigarritasun- eta azpiegitura-defizit handia baitzegoen.

Iruñeko eta Baionako udalek harresien balioaz eta indarraz ohartarazita, jarduketa-plan bana egiteari heldu zioten, gotorleku-barrutia eta bere ingurua kontserbatu eta sustatzeko. Hartara, harresiak kontserbatu eta zaharberritzeko berariazko jarduketez gain ingurunea funtzionalki hobetzekoak ere egin dira, ondoko esparruetan: etxebizitzak, ekipamenduak, espazio publikoak eta mugikortasuna zein irisgarritasuna.

Bi hiriek egindako lana eta horretarako jarraitu duten jardunbidea antzekoak izan dira, nahiz eta zeinek bere kabuz jardun duen. Esperientziak partekatu eta elkarri helarazteko nahiak, batetik, eta gotorleku-ondarea mugaldeko defentsa-sistemaren barruan ulertzeko interesak, bestetik, aukera eman diete Iruñeari eta Baionari –Iruñeko eta Baionako gotorleku-ondareari balio turistikoa eta kulturala emateko FORTIUS I proiektuaren bidez– elkarrekin hel diezaioten jardunbide berberari, zeina lagungarri izanen baitzaigu defentsa-ondare hori bere osotasunean ulertzeko, halako identitate- eta kohesio-zentzua sortuz, Europar Batasuneko kidetasun-sentimendua indartze aldera. Fortius proiektua Pirinioetako Lan Elkarteak (CTP) sustatutako Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde mailako Lankidetzaren Planaren (POCTEFA) barruan sartzen da, eta Eskualde Garapeneko Europako funtsek (FEDER) finantzatua da.

Bi hiriek jarduketa garrantzitsuak burutu dituzte harresi-barrutiak lehengoratu eta hobetzeko, eta topagune zein aisiagune bihurtu dituzte herritarrentzat zein bisitarientzat. Iritsi da, hortaz, harresiez gozatzeko unea, antzinako defentsa-atalak era askotako bizipenak aurkitzeko gune bihurtzekoa, harresiak bizitzekoa.