Ekintza plana

FORTIUS | Gotorleku-ondarea berrikuntzarako eta ekonomia-garapenerako aukera gisara

FORTIUS proiektuaren helburu nagusia da Iruña eta Baiona hiri senidetuetan garapen ekonomikoa eta enpleguaren sustapena lortzea, betiere gotorleku-ondareak horretarako eskaintzen dituen aukerei helduta eta haietaz aprobetxatuta. Horretarako, lanean hasi dira jadanik turismo-operadoreak, sustatzaileak, enpresak eta turismo zein kultura arloetako erakunde profesionalak erakartzeko. Urtaroen araberako turismo-joera hautsi eta bisitarien batezbesteko egonaldia handitu nahi da; halaber, harresiei lotutako produktu eta zerbitzu turistiko berriak sortu nahi dira. Eskaintza indartzeko, hedapen-jardun komuna gauzatuko da bi mailatan: maila sektorialean, kongresuak eta hitzaldiak eginez eta material didaktikoak sortuz, eta maila orokorrean, urtaroetarako eskaintza turistikoak eta urte osorakoak prestatuz.

staisabel0351_2_3

Iruñeko Ziudadela | Sokorroko atea eta Santa Isabeleko errebellina

 

Echauguette_2b2989c997

Atalaya du, Errobi eta Aturri ibaien elkargunean zaharberritu

 

FORTIUS proiektuaren helburua da Pirinioetako mendebaldean erakargarritasun turistikoa handitu eta dibertsifikatzea, Iruñeko eta Baionako gotorleku-ondareari balioa emanez. Kalitatezko produktu bat sortuko da ondare-elementuetatik eta iraunkortasunaren araberako kudeaketatik abiatuta. Orobat, zenbait jarduketa ari dira prestatzen elkarrekin, ondokoak bideratzeko: paisaiaren kudeaketa-plan bat, harresi-multzoetako elementu garrantzitsu batzuen lehengoratze-lana, harresien balioaren eta esanahiaren hedapena, haien balio turistikoa sakontzea eta eskaintza zein produktu turistiko komunak sortzea, interpretazioari, arteari, gastronomiari eta aisialdiari buruz. Horrez gain, proiektuak enpresa-berrikuntza  sustatu nahi du gotorleku-ondareari balioa emateaz bezainbatean.

Hona 2014. urte bukaera bitarte bi hiriek sustatu nahi dituzten jarduketa nagusiak:

1.   Ondare-elementuak zaharberritzea.

Datozen hilabeteetan, Iruñeko gotorleku-multzoko azken elementuak zaharberrituko dira, izan ere, haien kontserbazio-egoera kontuan hartuta, esku-hartze garrantzitsua behar dute. Labriten bastioia eta Magdalenako aurrealdeko gortina dira elementu horiek.

Labriten bastioia dugu, seguru aski, Redingoarekin batera, Iruñeko harresietan egun kontserbatzen den elementurik antzinakoena. 1540. urte ingurukoa da, eta, Magdalenako eta Telleriako aurrealdeen arteko inflexio-puntu gisara, etsaien erasoak jasotzeko alderik arriskutsuenetako bat defendatzen zuen. 1920an Telleriako aurrealdea eraistearekin batera, patologia batzuk sortu ziren Labriten bastioiaren zoladuran eta horma-atalen egonkortasunean. Eraiste horren ondorioz, 1950eko hamarkadaren inguruan sarbide berri bat eraiki zuten bastioiko goiko plataformari atxikitako eskalinata baten bidez, eta horrek jatorrizko konfigurazioa aldatu zuen. Hori horrela, zailagoa da egun bastioiaren nondik-norakoak ulertu eta interpretatzea.

Proiektaturik dagoen jarduketarekin sarbide hori desagertuko da, eta goletari hasierako itxura eta profila itzuliko zaizkio. Halaber, sarbide berri bat eginen da goletaren kontrako bazterrean, jatorrizko sarbidearen ondoan. Eskailera metaliko bat eraikiko da, zurezko sareta batek estalia. Telleriako aurrealdearen ondoko atalak berriz ere irmotuko dira eta  1950eko urteetan eraikitako goiko balkoitxoa –bastioiaren defentsa-eginkizunari ez dagokiona– kenduko da.

Obrek, halaber, bastioi-barneko gune gangadunari, hau da, kasernari, eraginen diote, zoladura eta argiztapen berriak jarriko baitira bertan, geroan erabili ahal izateko. Magdalenako aurrealdearen atalak estaltzen duen landaretza ere desagerraraziko da.

Baionaren kasuan, Royal bastioia (Errege bastioia) eta bere inguruak zaharberrituko dituzte. Labriten bastioiaren kasuan bezala, zenbait lan burutuko dira harrizko paramentuetan, sastrakak kentzeko, junturak berdintzeko eta garbitzeko.

2.   Paisaiako eta iraunkortasunaren araberako plana

Paisaia kudeatzeko plan bat ere jorratuko da, jarraibideak eta baliabideak zedarritze aldera, ondokoei begira: gotorleku-ondarea, bere inguru naturala, eta erabilera kulturalak zein hiri-erabilerak babestu, kudeatu eta egokitzea. Planak hainbat jarraibide sortuko ditu elementu horiek iraunkortasun-indizeen arabera kudeatzeko erabakiak hartzerakoan, eta lagungarri izanen da kudeaketa hori kalitatezko parametroetan burutzeko. Planaren bitartez, monumentuaren mantentze-lan integralak aurrez ahalbidetuko dira.

3.   Harresiei lotutako kultur programazioa eta turismo-eskaintza

Orain arte, ekitaldi sorta era askotakoa egin izan da proiektuaren markoan. Iruñeko Udalaren udako programazio gehiena harresiaren barrutian egin da, Ciudadelarte izeneko programaren baitan. Makina bat jarduera programatu da, eta horri esker bertaratu direnek bertako espazioak –ordura arte eskuragaitzak– ezagutu dituzte. Hori gertatu da, hain zuzen, Dantza bertikalak saioen kasuan: Redingo bastioiaren atalen gainean egiten ziren, eta ikusleak Guadalupeko bastioi baxu ezezagunean kokatzen ziren.

Halaber, antzinean nola, kandelen bidez argiztatutako iraganaldira egin da jauzi, Harresiak kandelen argipean jardueraren bidez. Ingurabideko pasealekuaren zenbait tartetan egindako ekimen horri esker, nafar musika eta gastronomia gozatu ahal izan ditugu milaka kandelak argiztatutako giroan, betiere partaidetza bultzaturik, ikusleek pizten baitzituzten kandelak.

Bisita gidatuak ere egiten ari dira Harresien sekretuak ezagutzeko. Adituek gidatutako paseo hunkigarriak dira, zeinen bidez ateak irekitzen baitzaizkie bisitariei, ordura arte itxita egonak ziren lekuetara sar daitezen.

Aldi berean, Baionako Udalak Ondarearen Europar jardunaldien karietara, bisitak programatu ditu Ezkutuko ondarera, Fortius proiektuaren markoan.

P1140064_JVV

Iruñeko harresiak dantza bertikala

 

Festival_Black-and-Basque_2

Musika Baionako harresien Jaialdia

4.   Enpresa-berrikuntza: harresiekin batera haztea

Arlo honetan gauzatu diren jarduerek enpresa-berrikuntza sustatzea dute helburua, gotorleku-ondaretik eta iraunkortasun-irizpideen araberako kudeaketatik abiatuta. Horren karietara, ondoko lantegiak antolatuko dira mugaz gaindiko izaeraz, hala Iruñean nola Baionan: negozio-ideia berrietarako sormen-lantegiak, enpresei eta enpresa-elkarteei zuzenduak, eta gotorlekuak ezagutzeko prestakuntza-lantegiak, gotorleku-ondarea ikuspuntu politiko eta sozialetik sustatu nahi duten erakundeei eta elkarteei zuzenduak.

5.   Hiri gotortuen balio kulturala eta turistikoa aztertzea eta horren berri ematea

Gotorleku-ondarearen balio kulturala eta turistikoa ezagutzera ematean Iruñeak eta Baionak duten kokapena eta eginkizun dinamizatzailea sendotzea bilatzen da, hiru ardatz nagusiren bitartez: topaketa tematikoak eta nazioarteko kongresu bat gotorleku-ondarearen dimentsio ezberdinei buruz; erakusketa ibiltari bat Pirinioetako gotorleku-sistemari buruz, non bi hiriak sartzen diren; eta gotorleku-ondarearen balio historikoa eta kulturala gazteei ezagutzera emateko jarduerak.