Iruñean, gotortutako hiri bat

“Hiri-gotorleku” bezala ikustea bere sorreratik bertatik datorkio Iruñeari, bere egoera estrategikoarengatik plaza militar gisa fundatu baitzen; orduan, egungo katedralaren inguruan kokatu zuen Ponpeiok bere kanpalekua, K.a. 75-74. urteen arteko neguan.

Bere historian zehar, Iruña leku estrategikotzat jo izan da Frantziatik mendebaldeko Pirinioetatik barna Aragoira eta Errioxara doazen bideak zelatatzeko, eta, hartara, beti gotortua egon izan da, une jakin batzuetan izan ezik.

Bere kokaleku paregabeak asko erraztu zuen bere defentsa iparraldera eta ekialdera, desnibel natural handia baitago alde horietan, baina ez hainbeste hegoaldera eta mendebaldera. Horregatik, hein handi batean, bere harresietan egindako lanak markatu du hiriaren bilakaera historikoa, etengabe eraiki, hobetu, aldatu eta suntsitu ere egin baitira.

“Gotorlekua” izateak bere historia definitu du, baita bere eraldatze prozesua, egungo hiri-egitura eta bere balio gehienak ere; ordea, egungo arazoetako batzuk ere bai.

01_PamplonaAmurallada-Ortofoto2010

Iruña. 2010

 

Hasierako kokaleku erromatar hartatik abiatuta, hiria zabaldu egin zen bertan, eta nukleo zaharrena sortu zen, egungo Navarreria aldean. XI. mendean, bere kokaleku estrategikoarengatik berriro, Donejakue bidea sendotzearekin bat, Iruñeak funtsezko eginkizuna hartu zuen erromesak hartu eta horiei ostatu ematen zien hiri bezala; horrek merkatari eta artisau anitz erakarri zituen hirira, eta laster hiriko harresietatik kanpo kokatzen saiatu ziren.

Horrela, burgu berri bat eraikitzen hasi zen Iruñean, eta gehienbat merkatari frantziarrak bizi ziren horretan. Paraleloki, bigarren burgu bat eraikitzen hasi zen, lehenbiziko horren hegoaldean, bien arteko lubanarro batek bereizita.

Une horretatik aurrera, hiri bakar bat izan beharrean, hiru hiri bizi izan ziren elkarren ondoan, bakoitzak bere harresi bereiziak zituela: Navarreria hiria, San Zernin burgua eta San Nikolas herria.

Harresiek defentsa lana egiten zuten, baina, batez ere, nukleo bakoitzeko mugak zehazten zituzten. Bakoitzaren jatorri eta interes desberdinak etengabeko liskarren arrazoia izan ziren; izan ere, azkenean erabat suntsitu zen hiria, eta gero berriz eraiki zen egungo itxura emanda. Navarreria hiria, San Zernin burgua eta San Nikolas herria arrazoi desberdinengatik fundatu baziren ere, hiri bakar bat osatu zuten 1423an aldarrikatutako Batasunaren Pribilegioarekin, haren bitartez hiri eta barruti harresitu bakarra osatu baitzuten. Prozesu hori XVI. mendearen bukaeran bukatu zen, eta Iruña gotorleku militar bilakatu zen.

Iruñeko oinplanoa harresiz inguratutako angeluzuzen irregularra zen, goi-ordokiaren ipar-mendebaldeko ertzaren gainean kokatua, Argaren gaineko erripa malkartsuari begira. Hego-mendebaldeko angelua goi-ordokiaren erdian gelditzen zen, eta han Ziudadela egin zen.

45_staisabel_MG_0770

Ziudadela. Iruña

 

Iruñeak gotorleku militarra izateari eutsi zion XX. mendearen hasierako urteak arte. Gotorlekua izaten jarraitu zuen, nahiz eta ordurako, horretarako justifikaziorik ez egon.

Erdi Aroko hiriaren zati izatetik elementu autonomo eta urrunekoa izatera igaroak ziren harresiak; horrez gainera, oztopoa ere izan ziren geroago, hiriak behar zuen zabalkundea mugatu baitzuten.

XX. mendearen hasieran hegoaldera zabaldu zen hiria, eta harresia behin betiko urratu zen. Aise kritikatzen da gaur egun hori egin izana, bere ondorio historiko, artistiko eta urbanistikoengatik, baina une hartan askapena ekarri zion hiriari, eta modernitatearen aldeko keinua izan zen.

Nolanahi ere, bilakaera historiko horrek argi adierazten du hiri honetan eta guztietan egon izan den lehia: hiriko egitura unean uneko beharretara egokitzea.

25-HQ_LP

Iruña

 

Bereziki esanguratsua da hiriak 1884. urtean aurrean zuen une gaitza; orduan, Iruñeko Udalak, Lehen Zabalgunearen eraikuntza zela eta, Alfontso XII.a erregeari eskatu zion, besteak beste, “hiria inguratzen duten harresiak erabat eraistea, ustez berehala eginen den proiektuaren arabera ez baitira inondik ere erabilgarriak izanen; izan ere, Pirinioen alde honetako gotorlekuak, lurraldearen defentsarako lehen lerroa osatzen duten horiek, aldatzeko asmoa dago”. Eta gehitzen da: “Posible ez balitz harresiak erabat eraistea, gutxienez San Nikolas aurrealdea osatzen duen aldea eraisteko eskatzen dugu, edo herria hego-ekialdera libreki zabaltzeko aukera emanen dion zatia”. Eta hau ere bai: “Ziudadela eraistea, edo gutxienez hiriari begira dagoen aldea; horrela bien arteko lubanarroa buxatuta, horren gainean eraikinak sortu ahal izanen dira, egun barnealdeko glazisa den horretan. Libre suertatutako lurraldeak udalerriaren esku utziko dira”.

Gaurtik begiratuta, harrigarria da eskaera hori. Baina ez dugu ahaztu behar, eskaeran justifikatzen zen bezalaxe, arrazoi sendoak bazirela hori eskatzeko, esaterako, bere harresiez haratago hiria zabaltzeko ezinak, eta horrek hirian eragiten zuen pilaketak sortutako heriotza tasa handia. Zorionez, joandako garaiak dira, eta Iruñeak “Hiri-Gotorleku” gisa dituen ezaugarri askori eutsi egiten die oraindik ere. Gutxi gorabehera, itxura eta harresi-multzoaren hiru laurden mantentzen dira, eta egun ia bost kilometroko ibilbide ederra da. Horretan, argi adierazten da hiriak historian zehar izan duen bilakaera.

 

www.pamplona.es

www.murallasdepamplona.es

www.turismodepamplona.es