Hormak eta Iruñeko Ziudadelan

Erdi Aroan, hiria zenbait burgutan banatuta zegoen, eta bakoitzak bere barrutia zuen defentsa gisa; horiek harresi almenadunez ziren eginak, eta lau angeluko oinplanoa zuten dorreak zituzten han-hemenka. Badakigu dorre horietako batzuk non zeuden, bai eta haien izenak ere: Errota, Diruzaintza edo Telleria, Navarreria hirian; María Delgada, Torredonda eta San Nikolas, azken izen horixe zuen burguan; eta Erregearena, San Llorente, Arrotxa eta Galea, San Zernin burguan. 1423. urtearen ondoren –horretan Batasunaren Pribilegioa eman zuen Karlos III.a Prestuak, eta hiru burguak udalerri bakarra bilakatu ziren– kanpoaldeko harresiak bukatu ziren, eta gotortu egin ziren haietan irekita zeuden hainbat toki. Paraleloki, barnealdetik eremuak bereizten zituzten lubanarroak buxatu ziren, eta harresiei atxikitako etxeak eraikitzen hasi ziren; beraz, harresiek ez zuten jada baliorik arlo militarrari zegokionez, baina ez ziren eraitsi 1535-40. urteak arte.

Albako dukearen armadak Iruña konkistatu eta gero, 1512ko uztailean, Fernando Katolikoak lau angeluko oinplanoa izanen zuen gaztelu berri bat eraikitzeko agindu zuen, barnealdera ezponda betelanak izan behar zituena, baita izkinetan dorre zilindriko sendoak ere. Artilleria erabiltzeko prest egon behar zuen horrek. Orduan erabili gabe gelditu zen Luis Hutín erregeak 1308. eta 1310. urteen artean altxarazi zuen beste txikiago bat, egungo Gazteluko Plazako zati bat hartzen zuena. Bigarren gotorleku horretan zauritu zuten Iñigo López de Oñaz aitoren semea, ezagunagoa San Ignazio Loiolakoa izenez, Asparrós buru zuen armada franko-agaramontarraren aurka defendatzen ari zela.

puerta_socorro

 

OBRAK KARLOS V.AREN GARAIAN

Karlos. V.a errege zen garaian hobekuntza lan handiak egin ziren barrutian, Erdi Aroko harresi zaharrak gerra berriaren teknika berrietara egokitzeko, bereziki artilleria erabili ahal izateko; izan ere, horrek iraultza ekarri zuen gotorlekuei eraso egiteko eta defendatzeko sistemetan. 1530. urtearen aldera bi bastioi berri eraiki ziren, oraindik ere badaudenak: Labritena, Caparrosoren errotaren gainean zegoen dorre zaharrean; eta Redingoa, Diruzaintzako dorrean. Halaber, errege-erreginen jauregi zaharra gotorleku bilakatu zen; 1539tik erregeordeak zeuden bertan. Burguaren aldean Dona Grazia eta San Llorenterenak eraiki ziren; XVI. mendearen bukaeran eraitsi ziren, eta San Nikolasen aldean Torredondakoa,
bere oinplanoan izen bereko bi dorreak bereganatu zituena. Azken horretako zenbait hondar agertu ziren, bai eta inskripzio bat zuen harlauza bat ere, Baluarte izena jarri dioten batzar jauregi eta auditorioa egiteko zimendatze lanetan ari zirela; bestalde, izena guztiz desegokia da hornidura kulturaleko eraikin baterako. Hobekuntza-lan horien osagarri gisa, 1533an bi portale berri ireki ziren: Frantziakoa eta Arrotxapekoa; orduan Beltrán de la Cueva jauna zen erregeorde, Albuquerqueko dukea. Frantziako portaleak –XVIII. mendean ate bat erantsi zitzaion kanpoaldetik, bere zubi altxagarria zuena– oraindik bere arku eskartzanoa du, burdin sarea jaisteko erretena duena, eta, horren gainean, inperioaren armak eta inskripzio txiki bat, honako hau esaten duena:

ANO 1553. DVCE BEL
TRANO ALBURQVE
RQVE PROREGE

Inskripzio horren berdin-berdina, dagokion armarria eta guzti, ikus daiteke gaur egun Gipuzkoako etorbidearen sarrera den Portale Berriaren bi aldeetako bi dorre harroetako batean –portale hori Víctor Eusak berreraiki zuen 1950ean monumentu izaerarekin¬–. Inskripzioa, jatorriz, Arrotxapeko portalean zegoen, baina horrek ez du egundaino iraun.

FELIPE II.AREN ETA BERE ONDORENGOEN ZIUDADELA ETA HARRESI BERRIAK

Felipe II.aren erreinaldian zehar erabat eraldatu zen Iruñeko harresi-barrutia, 1571n ziudadela pentagonal berria eraiki eta gero; Giacomo Palearok –Fratín izengoitia zuen– proiektatu zuen hori. Ingeniariak Anberesko ziudadela hartu zuen inspirazio iturri –Paciotto de Urbinoren ideia izan zen hura– eta bost bastioiei honako izen hauek eman zizkieten: San Anton, San Felipe errege-bastioia, Andre Dona Maria, Donejakue eta Garaipena. Barnealdean kapera, kuartelak, biltegiak, labea, bolborategia eta beste barne batzuk zeuden, XVII. mendetik XVIII. mendera gehitu zirenak. Hormen lanetan Fernando Katolikoaren antzinako gotorlekuaren harria erabili zen, hori gero eta gutxiago erabiltzen baitzen, desagertu zen arte.

Ziudadela egun dagoen tokian egiteak eta hiriko harresiekin konektatzeak beste bi aurrealde gotortu egin behar izatea ekarri zuen; barnean Taconerako landa zaharra hartu zuten –ordura arte harresietatik kanpo zegoen–, baita gaurko Sarasate pasealekua eta Lehen Zabalgunea ere. Defentsa-lerro berriak lau bastioi berri hartzen zituen, italiar erara egindakoak: Gonzaga, egungo Vista Bella behatokian, gaur apenas antzematen dena; Taconerakoa, izen bereko lorategietan, gaur egun oraindik ikusten dena, igerileku militarren ondoan; eta San Nikolasekoa eta Erreginarena, 1920. urtearen aldera eraitsi zirenak. Lau portale berri ere zabaldu ziren: Telleriakoa, 1640. urtean –Oropesako erregeorde kondearen armarriak zituen, egun Armadaren etorbidera ematen duen Ziudadelako atean ikus daitezkeenak–; Taconera eta San Nikolasekoak, 1666. urtean; eta Portale Berrikoa, 1675. urtean. Azken hiru horietatik San Nikolasekoak dirau, lekuz aldatuta badago ere; egun Taconerako lorategietarako sarbidea da bere fatxada barrokoa, basotxoa dagoen aldetik. Austriako etxeko errege armak dituen armarriaren azpian, honako inskripzio hau duen harlauza dago:

REINANDO CARLOSII, GO
BERNANDO LA REINA SV MA
DRE, SIENDO BIRREY Y CAPITAN
GENERAL DESTE REINO Y DE GVIPUZCOA
DON FRco TVTAVILA, DVQUE DE SAN GERMAN. AÑO 1666

OAntzeko inskripzio bat, baita dagozkion armarriak ere, berreskuratu da Taconerako portaleko aurreko aldean; 1906an desmuntatu zen, eta 2002an berreraiki zen hasieran zegoen tokiaren ondoan, basotxoaren eta Antoniutti parkearen patinaje pistaren artean.

ciudadela

KANPOALDEKO OBRAK: KONTRAGOARDIAK; REBELLINAK ETA LUNETAK

Karlos II.a errege zela, 1685ean, Ziudadelako kanpoaldeko defentsak osatzen dituzten rebellinak eta kontragoardiak egin ziren –Gaztelugibelaren aldera ematen dutenak–. Lubanarroetatik paseoan ibiliz gero, kontragoardietako bitan –Santa Isabel eta Santa Klara– Benavides erregeordearen armarriak eta bi inskripzio ikus daitezke oraindik ere; honako hau irakur daiteke horietan.

REINANDO CARLOS II DE
CASTILLA Y V DE NABARRA
VIRREY Y CAPITAL GENERAL DES
TE REINO DON ENRIQVE
BENAVIDES Y BAZAN DEL CON
DE ESTADO. ANO 1685.

Hurrengo urteetan, 1685 eta 1700 urteen artean, kanpoaldeko obrak bukatu ziren, Santa Ana luneta –Taconerako portaletik hurbil– eta Santa Luziarena –beste muturrean– egin eta gero; azken hori duela pare bat urte berreraiki zen, lur azpiko autobus geltoki berria eraikitzearekin batera. Geltoki berria egitearen ondorioz lorategi gisa berreskuratu da San Anton bastioiaren zein Errege-bastioiaren eta Yanguas y Miranda kalearen artean dagoen glazisa –kale horretatik sartzen da geltokira–. Santa Teresa luneta, ate nagusia defendatzen zuena –Armadaren etorbidera ematen duen atea da– azaldu zen auditorioaren zimendua hondeatu zenean; izan ere, egituraren zati handi bat, kontra-malkarra eta komunikazio zubia agertu ziren. Garai horretakoa da Gonzaga ilargierdia ere, edo San Rokekoa, Taconerako lorategietan dagoena; bere aurrealdeetako batean Pignatelli erregeordearen armarria du –San Vicenteko markesa zen, hori 1699an izendatutakoa.

BORBOI ETXEAREKIN JARRAITZEN DUTE OBREK. GOTORLEKUAK ETA BASTIOI BERRIAK

Felipe V.aren erreinaldian –Borboiko lehen erregea izan zen–, sortu berria zen Ingeniarien Gorputzak –urte batzuk lehenagotik Frantzian zegoen ereduari jarraitzen zioten– lan garrantzitsuak egin zituzten kanpoaldean. XVI. mendeko harresi zaharren defentsa gaitasuna handitzea zuten helburu, Vaubaneko markesaren eskolako ingeniaritza militar berriak erabat gainditzen baitzituen ordurako.

1730. urtearen aldera San Bartolome gotorlekuan aritu ziren lanean –oso ongi kontserbatua dago gaur egun Media Luna parkeko lorategien hasieran, zezen-plazaren atzean–; bai eta Printzearen gotorlekuan ere –horren harrizko oinarria oraindik ikus daiteke garai batean “Ruiz de Alda” ikastetxe txikia zenaren eraikinean, Larrabide estadioan. San Rokekoan ere bai, egungo “Larraina” kirol klubaren ondoan, baina oso gutxi iraun zuen horrek. Urte haietan eraiki ziren, baita ere, Guadalupeko eta Pilareko beheko bastioia eta errege-erreginen rebellina; garai bateko Redingo bastioiaren defentsa hobetzeko proiektatu ziren, bai eta Frantziako portalearen sarbideak defendatzeko ere. Planta handiko gotorlekuak ziren, garai hartako ezaugarria zen hori, eta ez ziren bukatu 1756. urtea arte –Fernando VI.a zen erregea orduan–. Azken urteotan Vianako Printzea Erakundeak zaharberritu ditu, taxuzko lana eginda. XVIII. eta XIX. mendeetan zehar zenbait proiektu egin zituen –partzialak edo orokorrak– Ingeniarien Gorputzak harresien barrutia zaharberritzeko eta modernizatzeko, baina haietako gehienak ez ziren egin kostu handia zutelako. Azken mendeetako zenbait gertaerak bide eman zuten ondorio praktiko batzuk argitzeko, esaterako, honako gertaera hauek: Frantziako Hitzarmenaren aurkako gerra; independentziako gerra –horretan frantziarrek hartua zuten Iruña eta setio luze eta neketsua ezarrita, suntsitzeko zorian ere egon ziren–; San Luisen Ehun Mila Semeek egindako setioa; eta 1874an karlistek ezarritako blokeoa. Azken horrek zalantzan jarri zuen gotorleku zaharrek defentsarako zuten eraginkortasuna, eta hainbat mailatan gestioak hasi ziren eraisteko baimenak lortzeko asmoz, hiria zabaldu ahal izateari begira.

1858an, Ortiz de Pinedo eta Rodriguez Arroquia ingeniariek oin berriko proiektu bat egin zuten, eta hori gauzatu izan balitz, XVI. mendeko harresiak desagertuko ziren haren ondorioz. 1878. urtetik aurrera Alfontso XII.aren gotorlekua eraikitzen hasi zen, Ezkaba mendian, eta horretan gotorlekuak egiteko teknikei buruzko teoria berriak gauzatu ziren.

ciudadela1972

 

HARRESIAK ERAISTE ALDERA

1888. urteko Errege Agindu batek baimendu zuen Ziudadelako bi bastioiren zati batzuk eraistea, eta barneko lubanarroa erabilezin bihurtzea, hiriko Lehen Zabalgunea egin ahal izateko. Urte batzuk geroago bukatuko zuen prozesu baten hasierako urratsa zen; horrela, gauzatu zen luzaro iruindarren urrezko ametsa zena. 1905ean, beste Errege Agindu batek baimendu zuen harresiko barrutiko zenbait portale hein batean eraistea, hirirako sarbideak zabalago egiteko asmoz; izan ere, mehar samarrak ziren gurdi zein ibilgailu berri eta modernoetarako. Urte horretan bertan Taconerakoa zaharberritu zen, eta inskripzioak zituen fatxada barroko zaharra desmuntatu zen; hurrengo urtean, San Nicolasekoa, geroago Taconerako lorategietara lekualdatu zena, baita Portale Berria ere –hori burdinazko zaldain bat izateraino murriztu zen, eta ez zuen egungo itxura hartu 1950. urtera arte–. 1914an Arrotxapekoa zabaldu zen, zezenen ukuiluen ondoan, eta egun ikusten den moduan gelditu zen. Garai batean horren apaingarri ziren harlauza eta armarria Portale Berriko bi dorreetako batean ikus daitezke.

Harresiak botatzeko baimena, hainbeste desiratutakoa, 1915eko urtarrilaren 7an iritsi zen azkenean, Alfonso de Gaztelu hiriko alkatea zela. Lehen harria urte hartako uztailaren 25ean bota zen, herritarren poza lekuko zela, eta 1921ean ia guztiz botata zeuden jada. Bigarren Zabalgunea hasteko aukera emate aldera desagertu ziren gotorlekuak Ziudadelatik Labriten bastioiraino zihoazen –gutxi gorabehera egungo Gartzia Ximenez kalea, Orreaga etorbidea eta Juan de Labrit kalea dauden lur-sailetik–. Han San Nikolaseko eta Erreginaren bastioiak zeuden, eta San Nikolaseko eta Telleriako portaleak. Eraiste hori saihesteko modua bazegoen, Bigarren Zabalgunea harresiez haratago egiten ahal baitzen, harresien aldean gune berdeen ingurabidea eginda. Antzeko zerbait egin zen urte batzuk geroago Ziudadelarekin, 1965ean armadak udalari eman eta gero. Egun jende gehien biltzen duen hiriko parkeetako bat da, bere bastioi eta harresietan zaharberritze lan garesti eta egokiak egin eta gero.

1921. urtearen ondoren zutik gelditu zen harresi barrutiak honako hauek guztiak hartzen zituen barne: San Bartolome gotorlekua, Labriten bastioia, Barbazán ingurabidea, Redingo bastioiak, Arrotxapeko eta Descalzoseko aurrealdeak, Taconerako behatokia eta bastioia eta San Rokeko gotorlekua.

[Juan José Martinena Ruiz jauna. Artikulu hau Pregón Siglo XXI Nafarroako kultur aldizkariko 34. zenbakian argitaratu zen –Pamplona, Plaza Fuerte (II)–]

 

www.pamplona.es
www.murallasdepamplona.es
www.turismodepamplona.es