Iruñeko aurrekariak

Iruñeko gotorleku multzoa. Hamar urte hobekuntzak egiten.

Ponpeiok K. a. 74. urtean  ezarri zuen bere kanpalekua orain katedrala dagoen aldean. Iruñeak betidanik izan du gotorleku-izaera, bere kokalekuaren talaiatik menpean izan dituelako Penintsula Iberiarrera –Aragoi eta Errioxara– mendebaldeko Pirinioetan zehar  iristeko pasabideak. Gaur egunera arte iraun duten harresietako atalak, XVI eta XVII. mendeetan eraikitakoak, adibide paregabe dira Erdi Aroko defentsa-sistematik modernotasun errenazentistarako bilakaera aztertzeko, ingeniaritza militarrez eta berrikuntza teknikoaz bezainbatean. Multzoan, oinplano pentagonaleko Ziudadela gailentzen da. Felipe II.ak Jacobo Palear el Frantín ingeniariari eta Vespasiano Gonzaga kapitain jeneralari egin zien diseinuaren enkargua, 1571. urtean. Ziudadela dugu Penintsula Iberiarrean ezaugarri horiekin eraiki zen lehena.

Beste hainbat hiritan bezala, XIX. mendearen bukaeran iritsi zitzaion gainbehera Iruñeko harresi-multzoari, bere defentsa-eginkizuna galdu zuelako, eta, batik bat, hazkunde demografikoa ikaragarri handia izan zuelako, eta horrek hiri-bilbea handitzera behartu zuen.  Lehenik,  1889an, bi bastioi –San Anton eta Garaipenarena– eta bi errabelin –Santa Teresa eta Santa Luzia– eraitsi zituzten lehen zabalgunea eraikitzeko, eta geroago, 1915etik 1921era, gauza bera egin zuten hegoaldeko atalarekin, bigarren zabalgunea eraiki ahal izateko. Kontserbatu den harresia –perimetro osoaren hiru laurden baino gehiago– Monumentu Nazionala izendatu zuten (1939an, harresi-barrutia, eta 1973an, Ziudadela bera) eta egun  Europan hobekien kontserbaturik dagoen gotor-multzorik interesgarrienetakoa osatzen du.

Orduz geroztik, hiria defendatzeko baliagarria izateari uzteak berekin ekarri zuen kontserbazio- eta mantentze-lanek lehentasuna galtzea, eta horrek gero eta narriatuago utzi zituen harresi-atalak, hala zikinkeria pilatu eta sasiak harlanduetan ugaldu zirelako nola zenbait material ebatsi zituztelako, halako moduz non hainbat harresi-ataletan egonkortasun-arazo larriak sortu baitziren. Narriatze-prozesu hori hiriko alde zahar osora ere zabaldu zen, non, harresien barnean garatu beharraren ondorioz, bizigarritasun- eta azpiegitura-defizit handia baitzegoen.

07_Santa Isabel Ravelin

Santa Isabel errabelina

 

Iruñeko Udalak, harresien balioaz eta indarraz ohartarazita, jarduketa-plan garrantzitsu bat egiteari heldu zion, gotorleku-barrutia eta bere ingurua kontserbatu eta sustatzeko. Plana hiru ardatz nagusiren gainean diseinatu zuten: lehenak monumentua kontserbatu eta zaharberritzeko jarduketak barne hartzen zituen; bigarrenak inguruan hobekuntza-lanak egitea zuen helburu, non eta etxebizitzetan, ekipamenduetan, gune publikoetan eta mugikortasunaren zein irisgarritasunaren hobekuntzan; eta hirugarrenak harresi-multzoa ikertu eta dinamizatzea zuen jomuga, bertako balio historikoak eta arkitektonikoak ezagutzera emateko hala iruindarrei nola bisitariei.

Iruñeko harresigunea, betetzen zuen defentsa-eginkizunagatik lehen babeslekua izan zena, egun topaketa eta aisialdirako gunea da, non bat egiten baitute Iruñeko kultura-, ingurumen- eta paisaia-ondareek.  Eta Iruñean harresiak eta Arga ibaiaren parkeak harreman estua daukate. Enrique Maya Iruñeko alkatearen hitzetan “Harresia eta ingurunea bat eginda eremu berean, zaila delarik haien arteko harremana zehaztea. Harresi bat naturan. Natura harresian. Hori dugu zortea. Hori da jaso dugun herentzia”.

Monumentua kontserbatu eta zaharberritzeko lanak

Jarduketa-plana garatzearekin batera, buru-belarri jardun zuten diru-funtsak bilatzen, egin beharreko inbertsio handiari aurre egin ahal izateko. Lehenengo eta behin, 2003tik 2008ra Frantziako aurrealdea zaharberritzeko lanei ekin zieten, bi fasetan. Alde hori harresi-barruti osoko defentsa-egitura berezietako batzuek osatzen dute: Redingo, Guadalupeko eta Askako bastioiak eta Errege-erreginen errabelina.

Autobus-geltoki berria eraikitzeko obrek (2005-2007), zeinei buruz geroago arituko baikara, posible egin zuten Ziudadelako Santa Luzia errabelinaren aztarnak agerian uztea. Behin errabelina zaharberrituta, begi-bistan geratu zen ondoko hiru errabelinen egoera tamalgarria, eta beharrezko ikusi zuten berehala esku hartu behar zela haietan narriadura etetekotan. Nafarroako Gobernuaren eta Sustapen Ministerioaren (kulturako % 1) baterako finantziazioak posible egin zuen kanpoko defentsagune hauetan jardutea. 2010eko erdialdean amaitu ziren Santa Klara errabelina (kontraguardia, lubanarroa, kontraeskarpa eta bide estalia) zaharberritzeko lanak. 2011ko erdialdean Santa Ana errabelineko obrak amaitu ziren, eta 2011ko bukaeran, Santa Isabel errabelina (kontraguardia, lubanarroa, kontraeskarpa eta bide estalia) eta Laguntza Atea zaharberritzekoak.

2009an, Taconeran jardun zuten, eta ondokoak zaharberritu zituzten: Taconera bastioiaren lubanarroak, San Rokeko errabelina eta Gonzaga bastioia zenaren aztarnak, non Iruñeko ipar-aurrealdeko ingurabideko pasealekua urbanizatu baitzuten Erreginaren aldapatik Portale Berrirako tartean. Halaber, Portalea garbitu ere egin zuten; izan ere, hura zeharkatzen duten ibilgailuen zirkulazio etengabearen ondorioz zikinkeria handia pilatua zen bertan. Eremu hori eta Ziudadelaren kanpoko defentsaguneak ziren bertako defentsa-osagaien artean esku-hartzea gehien behar zutenak.

Jarduketa guztietan antzeko prozesuak erabili dira: askatzeko arriskuan dauden harlanduak zenbakitu eta erretiratzea, bertako landaretza erauzi eta produktu biozidak aplikatzea, harlanduak birjartzea, hormatalak eskuilatze-lanaren bidez garbitzea eta junturak kare hidraulikoaz betetzea.

09_Santa Ana Ravelin

Santa Ana errebellina

Hobekuntza funtzionalak

Harresiez inguraturik dauden gune historikoen kalitatea, eraikuntzari eta gizarteari dagokienez, harresi-multzoaren kalitateari lotu ohi zaio. Iruñeko Alde Zaharreko problematikari buruz egindako azterlan ezberdinetatik ondokoa ondorioztatzen da: bertako narriadura gero eta handiagoa zen harresien mugetara –ingurabidera– hurbildu ahala. Hori hala da, batik bat, orografiak sortutako zaku-hondoa efektuagatik, horrek oztopatu egiten duelako hiriko gainerako aldeekin lotzea, eta hartara, jende gutxi ibiltzen zen gune horretan.

Hala ere, alde horiek dute ahalmenik handiena turismo eta aisialdirako, dela bertako balio historikoengatik dela beren espazio-ezaugarriengatik zein kokapen pribilegiatuarengatik.

Hiriak eta gune historikoak zaharberritzeko politiketan ezinbestekoa da gogotik jardutea horiek baldintza funtzional egokiez hornitze aldera, betiere ezaugarri dituzten balio kulturalei eutsita.  Horretarako lau ildo nagusi jorratu dituzte: mugikortasuna eta irisgarritasuna, espazio publikoak, aparkalekuak eta ekipamenduak.

Mugikortasuna eta irisgarritasuna

Mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzera bideratutako jarduketak lehenetsi dira, harresien ertza pasealeku, aisialdigune eta loturagune bihurtze aldera.

Une honetan, ingurabideko pasealekua –harresiaren goiko aldeko hormatalez lagunduta– oso-osorik da ibilgarria eta iristeko modukoa. Horrela, ia bost kilometro luze den pasealeku bat osatu da, non harresiaren hormatalek hirigunea zedarriten duten.

Jarduketa-ildo horrekin bat, ondoko ibilbidea osatzen duen pasealekua berrurbanizatu dute: Media Luna parkea, Barbazan ingurabidea eta Redingo bastioia, Frantziako eta Arrotxapeko aurrealdeak eta Gonzaga bastioi ohiaren aurrealdea. Modu horretan, historikoki egon bazegoen eta gerora galdu zen jarraikitasuna berreskuratu da.

Halaber, elementu mekanikoak ezarri dira harresitik kanpo dauden ipar aldeko auzoen eta hiri zaharraren arteko desnibela –30 metro inguru–  gainditzeko. Hori horrela, 2008an amaitu ziren bi igogailu instalatzeko obrak. Bi igogailu horiek ezponda eta harresi-hormatala zeharkatzen dituen galeria batean barna egiten dute bidea, eta Arrotxapea auzoaren eta Alde Zaharraren artean dagoen kota-aldea salbatuta ekipamendu-eraikin batera iristen dira, non jantoki-behatoki bat eta erakusketa-areto batzuk dauden.

11_Descalzos Elevator

 

Jarduketa horri eta berriki egin diren beste batzuei esker merkataritza-ardatz garrantzitsu bat finkatu da: Alde Zaharra ipar-hegoko norabidean zeharkatu eta Bigarren Zabalguneko oinezkoendako eremuekin bat egiten du.

Mugikortasuna hobetze aldera abiatutako jarduketen barruan 2010. urtean oinezkoendako zaldain bat eraiki zuten, eta haren bidez, ingurabideko pasealekuari jarraibidea emateaz gain, Bigarren Zabalgunea eta Alde Zaharra berehala eta oztoporik gabe lotu dituzte.

Jarduketa ildo horri helduta eremu horretan hiri-igogailu bat  ezarri zuten Alde Zaharra eta Bigarren Zabalgunea Arga ibaiaren parkearekin lotzeko.

Espazio publikoak eta aparkalekuak

Geografikoki bat eginda egon ohi dira harresi-barrutiak eta hirietako gune historikoak. Garapen demografikoari harresien barruan eutsi behar izan zitzaionean etxebizitza altuagoak egiten hasi ziren, halako hiri-bilbea sortuz non hormarte bakarreko eraikinak eta kale estuak nagusi baitziren. Gune historikoetan egin ohi diren esku-hartzeak, Iruñekoan kasu, kaleak eta plazak oinezkoendako bihurtu eta berrurbanizatzeko lanei daude lotuta.

Eraikinak zaharberritzeko jarduera sustatzeko neurri batzuk hartzeaz gain, beharrezkoa izan da auzokideendako espazio publikoak berreskuratzea, eta, horrela, hiri-bilbea oxigenatu egin da. Espazio publiko horien artean, ondokoak azpimarratu daitezke: Ingurabideko pasealekua, O-ko Andre Maria plaza eta San José plaza urbanizatze-lanetatik sortutakoa; Katedralaren plaza; eta 30.000 metro koadroko berdegunea, azaleko aparkalekua bihurtua zen Ziudadelako glazis zaharra berreskuratuta. Jarduketa hori autobus-geltoki berria eraikitzeko lanekin batera egin zen.

Lan horien ondorioz azaleko aparkalekuak pixkanaka desagertu izanak berekin ekarri du inguru horretan lur azpiko aparkalekuak eraikitzea, hala bizilagunek nola bisitariek aparkatu ahal izan dezaten.  Horrek, hain zuzen, zuzeneko eragina dauka gune horren erakargarritasuna handitzeko. Gazteluko plazako edo Karlos III.aren etorbideko aparkalekuen bidez ase egin da behar hori, eta, bide batez, handitu egin da Iruñearen historiari buruzko ezagutza-maila, obrak egitean topatutako aztarna arkeologikoei esker. Aztarna horietako batzuk, bestalde, azpiegitura horietan txertaturik integratu dira.

Ekipamenduak

Asmo handiko jarduketak egin dira hustutako espazioak gaitzeko. Espazio horiek harresi-barrutiko egiturei eusten baitzieten garai batean, baina geroago hiriaren bilakaera ahalbidetzeko edo eraikin militar modernoagoak eraikitzeko eraitsi zituzten.

Autobus-geltoki berria eraikitzeko lanak jarduketa eredugarria izan dira ekipamendu berriak integratzeaz bezainbatean, betiere monumentuaren egitura berreskuratuta.  Azpiegitura berria eraikitzeko obrak 2005. urtean hasi ziren, eta  haietan monumentuaren ondoan ezkutatzen da azpiegitura, desagertutako glazisaren tokia betez. Geltokiaren estalkia geruza berde erraldoia da, egiturarekin batera tolesten dena, Iruñeko Ziudadelako Santa Luzia errabelinaren defentsaguneak –glazisa, bide estalia, kontraeskarpa eta lubanarroa– berreskuratzeko. Gune horiek duela hainbat urte desagertuak ziren Iruñearen garapena posible egiteko Lehen Zabalgunea eraikita.

15_Santa Lucia Ravelin Bus Station

 

Kasu honetan, bateragarriak izan behar baziren ere, eginkizuna eta eraikuntza formaren menpean geratu ziren. Eta hala izan zen monumentuaren bilkaria bere horretan lehengoratu behar izan zelako.

Beste zenbait eraikin –horietako batzuk gotorlekuari lotuak– ekipamendu publikoak izateko zaharberritu izanak hainbat erabilera txertatu dituzte harresi ondoko inguruetan, eta erabilera horiek jarduerak sortu dituzte. Horien artean aipatzekoak dira Errege Jauregi zaharrean egindako zaharberritze-lanak, Nafarroako Artxibo Nagusia bihurtzeko, edo Ospitale Militar zaharrean egindakoak, Foru Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren egoitza bihurtzeko.

Neurri dinamizatzaileak

Halako ahalmena duen hiri batek harro egon behar du bere harresiez; izan ere, harresiek idatzita daramate Iruñearen historia eta bere garapena zedarritu dute hiri gisara.  Horrenbestez, garrantzitsua da harresiak ezagutzera ematea, erakargune izan daitezen turismoaz eta kulturaz bezainbatean.

2011ko hasieran amaitu ziren San Bartolome bastioia zaharberritzeko lanak, bertan Iruñeko Gotorlekuen Interpretazio Zentroa egiteko. Eraikuntza berezia da –gotorlekuaren azken elementua–, eta XVIII. mendearen bukaeran eraiki zuten. Orain berriz ere zabalik dago herritarren eta bisitarien topalekua eta harreralekua izateko.  Hainbat baliabide –erakusketak, ikus-entzunezkoak eta baliabide elkarreragileak kasu– erabilita, zeinek garai batean jakiak, munizioak eta tropak biltzeko baliatzen ziren kasernak edo gune gangadunak betetzen dituzten, Iruñeko harresien bilakaera azaltzen da modu didaktikoan eta partizipatiboan, adin zein gaitasun ezberdinetara egokituta. Harresien bilakaera hori, neurri handi batean, hiriaren bilakaeraren isla da.

Gainera, bisitariei eraso eta defentsako teknikak erakutsiko dizkiete arkitekturaren ikuspuntutik, horiek baitira gotorleku-bastioidunen zehaztapen geometrikoaren eta erabilitako eraikuntza-irtenbideen oinarria. Halaber, ikuspen globala ematen da garai hartako gizarteaz, giza-inguruaz eta bertan bizi zirenen bizimoduaz, tradizioez eta kulturaz. Eta beste erakusketagune batzuetan harremanetan jartzen dira Iruñeko harresiak Espainia, Europa eta Amerikako beste gotorleku batzuekin. Interpretazio zentrotik abiatuta bost kilometro luze baino gehiago den ibilbide guztiz ibilgarrian barnako paseoa eman daiteke, harresien ertzeetan, nondik, gotorlekuaren balioez gain, Iruñeko bista paregabeak ikus daitezkeen.

 

hqdefault

Amaitzeko gogoetak

Hiriak eta gune historikoak zaharberritzeko politiketan ezinbestekoa da gogotik jardutea horiek baldintza funtzional egokiez hornitze aldera, betiere ezaugarri dituzten balio kulturalei eutsita. Posiblea da, hortaz, hirien kultur ondareari eustea eta, aldi berean, bertako azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzea, hiriek bizitasuna gal ez dezaten.

Eztabaida eta plangintza asko izan dira harresi-barrutietan nola jokatu aztertzeko, baina hiri gutxitan eraman dituzte gogoeta horiek errealitatera. Iruña dugu horietako bat, eta erreferente bilakatu da, hala ondarea kontserbatzeari nola erabilera berriak harresien ondoan modu natural eta orekatuan txertatzeari dagokienez.

Iruñeko harresietan egin den jarduketari jarraikiz frogatuta geratzen da posible dela lortzea harresiak –zeinak garai batean mugaleku izateko sortu baitziren– herritar guztien eskurako topalekua eta aisialdirako tokia bilaka daitezen, auzoen arteko elkargunea eta ekipamendu berriak gehituta garai berrietara egokitzen den hiri-harresiak izan daitezen.

Ahalegin hori aintzat hartu du Europar Batasunak, eta  bi sari eman dizkio Iruñeari Europar Batasunaren Kultur Ondarea – Europa Nostra  Sariaren 2012ko edizioan: kontserbazio arloko saria eta publikoaren sari berezia.

 

www.pamplona.es
www.murallasdepamplona.es
www.turismodepamplona.es